Ikastolako porteriak

Ikastolako porteriak nere aitak soldatu zituen.soldadura
Gainontzeko gurasoak hamaiketakoa egiten ari ziren bitartean, ene aita (euskara inoiz hitzegin ez, baina zentzu pasibo batekin edo sinaptikoki ulertzen zuena) porteriak soldatzen egoten zen. Langile zintzoa, ixila. Bakartia. Egoskorra. Hondartzara larunbat goiz baten bakarrik eraman ninduena, oroimenean dut goiz ez-ohiko hura, bera artega, ni harrituta, ekitaldiaren ez-ohikotasunarekin.
Halaxe sentitzen nintzen ni, bakarti, ikastolatik amaren etxerako bide luze eta ilun horretatik. Bide amaigabea egiten zitzaidan. Ikastolatik irten eta erromesaldi hartan, oasis aluzinojenoak egongo balira nonbait, bidexidor horretatik. Oihana zen. Oihana ere, ene lagunik handiena, maitale izan zitekeen neska eder eta pixpirin hura; nere gaztaro eta txoropitotasunak itsututa, eskapoan utzi nuena. Harrezkero «ustaritze» entzuten dudan bakoitzean, leku sorgindu eta majikoaz gain, Oihanaren aurpegia datorkit. Gure larre berde etxe zuri eta teila gorrien artean. Mikel Laboa – Oroitzen Zaitudanean, Ama
Eta bai, oihana horretan aurkitzen nintzen, amaren etxerantza bidean. Ilun, lorez eta auskalo zein animaliz ingururatuta joango nintzen ni etxera. Bakarrik. Ikastolako mapa, geografiak eta gizarte liburuak, bizkarrean. Kartografia eta ihauteriak. Ikastola. Donostia, Zurriola hondartzarekin nahastua. Dena zegoen bere lekuan.
Eta aita porteriak soldatzen ikusten nuen beti. Gainontzekoak hor stage-an zeuden bitartean. Aita back-stagean. Eraikitzen duen indar soterratu eta ia inkontziente hori; mutua eta hizkuntza-bakoa. Baina konstantea eta jarraia. Txinparten artean, betaurreko ilun batzuk jantzita esaten zidan «no mires que te vas a quedar ciego». Eta nik deabrua ikusi izan banuenaren keinu beldurtia eginez, zirrikitu batetik begiratzen nuen aitak ez begiratzeko esaten zidan leku horretara. Txinpartak eta burdina. Bizitza mutua eta solidotasuna. Biak elkarrekin, eskutik helduta. Bai arraro, bakardadea ondo ezagutzen duenaren zintzotasun eta harrokeririk gabeko, ixiltasuna.

Etxera nihoa, urte batzuk beranduago.
Txinpartak itzaltzen ari dira.
Oihanean sartzen ari naiz.
«Iluna dago, aita.
Beldurra dut.»
Mikel Laboa – Gure Bazterrak
Bihar ikastolako porterietara joango naiz malkoartean. Teo liburuetatik aterako da eta marrazki bihurtuko nau; marrazki ni, marrazki oro inguruan.
Eta iristen naizenean, porterien burdin hotza ikutzen dudanean, zutaz akordatuko naiz aita.
Barruan txinpartak piztuz,  begietatik atera eta porteriak zeharkatu dituzten, burdin txinparta solidoak.
Sufjan Stevens – John Wayne Gacy. Jr.
Ftf.