FasTFatum.
Fastfatum briefing-laburpena (eu, es, pdf 680Kb)
HITZAURREA // PROLOGUE // PROLOGO.
Otzanak gara otzan garenez: geronen argazkia eta hatzmarkaz gain, begiaren irisaren mapa antropometrikoa, gaixotasun sendaezinen zerrenda eta ADNan denok daukagun erratatxoa jasoko ditu denbora asko baino lehen gure nortasun agiriak. Baina nortasun agiri horri oraindik asko faltako zaio gure benetako nortasunaz zerbait funtsezkoa esan dezan: ondo egindako nortasun agiri batek jaso beharko luke, oraintxe aipatutakoez gain, etxean gehien entzuten ditugun diskoen zerrenda (ez baita musikarena adikziorik bigunena), zapaltzen ditugun tabernen lista zehatz bat (adikzioekin segituz), eta horrekin batera, lagun zaharrak non eta nola ezagutu genituen zehazten duen diagrama bat ere bai, jakina. Azken atal horietan, Igorren nortasun agiria eta nirea antzekoak direlakoan nago. Igor Calzada, alias FasTFatum (garaia da ezizenak berreskura ditzagun eta biba ezizenak!), adinkide dudan arren, ez nuen eskolan ezagutu, ez bidaia batean, ez solfeo klasean (eta eskerrak: nire belarri finaz jabetu izan balitz ez zatekeen nigana inguratuko-eta); baizik eta hemendik ez oso urrun, Donostiako alde zaharrean, duela hamalau urte. Musikaz eta literaturaz aritu ginen lehen gau hartan, gaua baizik ezin zuen izan, tabernek musika jartzeko orduan oraindik ere ildo editoriala zuten garai batean. Tratu bat ere egin genuen: luze eta korapilatsua izanagatik musikatu ezinezkotzat jotzen nuen poema bat musikatuko zuen berak. Apunta ezazue hau: Igorri gustatzen zaizkio desafioak.
Baina Igorri, behin bere nortasun agiria osatzen hasita, lehen bezala orain, buzoiak gustatzen zaizkio desafioak baino gehiago, eta denbora asko baino lehen jaso nuen etxeko buzoian gutunazal bat, kasete bat barruan zuena, eta bertan, Leiho batek amorante galduari poema musikatua, gaur, dezente eraldaturik, Igorren lehen diskoan geratu den garai hartako poema bakarra. Poema musikatuak. Asko esan da horri buruz. Poemak, nolabait esateko, bizitza zati fosilizatuak dira, lehortzen zintzilik jarritako tabako orriak bezalakoak: beren medio naturaletik erauzi ondoren sikatzen jartzen dira usain sakonagoa izan dezaten tabako orriak, eta bizitza zatiak berdin, zintzilik jartzen dira idortzen poema bihurtu arte; poema onenek lortzen dute tabakoaren sakontasun hori, baina badute beste batzuetan arriskua hosto mortu edo orri hil bilakatzeko ere… Kantugile bat behar izaten da batzuetan, hosto lehor horrekin zigarreta kiribildu eta, poemari bizitza berria emateko. Poema ke-bafada –beraz hats– bihurtzen da hartara, bere zikloa osatzen du.
Baina poema ez da beti kantuaren abiapuntua, batzuetan kantua kantatzeko da hasiera-hasieratik idatzia, eta horixe da, hain zuzen, disko honetako kantu gehienen kasua: gure arteko elkarrizketatan sortutako obsesioak izan daitezke abiapuntua, animo egoerak, elkarri bidalitako postal konzeptualak. Tom Waitsek zioen legez, kantu on batek eduki behar lituzke bere baitan hiri baten izena, eguraldi mota bat, eta, horretaz gain, baita jateko edo edateko zerbaiten aipamena ere, kantua entzun ahala gosea sartuko balitzaigu ere. Ez nuke esango FasTFatumen kantuek patroi hori urrun dutenik. Igorren nortasun agiriarekin segituz, bere pasaportea zigilatzen duten herrialdeek ere pista dezente ematen dituzte bere kantuei buruz: Helsinki, Dublin, Reykjavik… Eta horiekiko kerentzia, ez da soilik paisajeak edo hango jendearekin gustura sentitzen delako sortua, baizik eta bertako zenbait talderi (Sigur Rós, Múm) nahiz bertan egiten den zinemari (Fridriksonen Cold fever filma) zor dien estimua medio.
Zerbait esan badaiteke disko honi buruz, esango nuke sedimentazio luzeko diskoa izan dela, deskarte askoren pilaketaren ondoren geratu den emaitza. Eskarmentuak horixe ematen du: deskartatuarekin eta huts egindakoarekin ere asmatzen denarekin adina gozatzen ikasten dela… FasTFatumek dioen legez, patuaren abiadura azkarra izanen da akaso, baina gure esku dago gauzei denbora ematea. Halaxe izan da: desagertu diren hainbat egitasmoren errautsetatik, bide bazterrean utzitakotik, galera askotatik, lagun askoren entusiasmoaren kutsaduratik sortua da FasTFatum. Xehetasunez betetako diskoa da, eta, garaiotan jada esan daiteke –edo nik bederen hala sinesten dut–, matizetan, xehetasunetan dago iraultza. Xehetasunak iraultzaileak dira. Nabokovek ere halaxe ohartarazten zien idazlegaiei: “detaileak, ikasle maiteok, laztan itzazue detaileak eta jarri haiei arreta!”.
FasTFatumen lehen diskoa, diskoa da eta ez kantu bilduma, disko bokazioarekin jaioa eta pentsatua, dantza soltearen garaikoa den arren, ez delako Igor kantu soltearen garaiko, baizik eta disko lotuaren sasoiko (gaurko ikuspegitik ia erritual tribal den hori bada gure belaunaldiak askotan egin duen zerbait: disko bat erosi, etxera igo eta diskoa lagunen konpainian osorik entzun, zine areto batean bezain isilik, tokadiskoak bueltak ematen dituen bitartean; lagunekin burututako erritual horrek badu odol-itunetik zer edo zer). Luzeak dira FasTFatumen kantuak, lau-bost minutu, hori da bere kadentzia. Esan liteke Igorren kantuak hiru aktotan edo gehiagotan antolatutako antzezlan laburrak bezala entzun daitezkeela sarri. Ez da kasualitatea, adibidez, etxetik alde egin aurretik bere gauza guztiak atarian kutxatan pilatuta dituen neska batez mintzo izatea diskoko azken kantua (Glen Hansarden Sleeping kantuaren bertsioa); despedida kutsua duen kantu bat, amaitzeko.
Igorri entzuna da: emozioak hotzean hobeto kontserbatzen dira. Arrazoi du. Baina abandonuaren desengainu hotza eta elur berria zapaltzearen poz epela, biak daude bere nortasun agiri musikalean inprimatuak.
Harkaitz Cano (HC)
Donostian, 2007ko azaroaren 8an.