Itsasora gerturatu nintzen berriro Ama ondoan nuen Itsaso zabala baina aldi berean altura handiegikoa urrunera begiratzeko
Fisherman’s blues haizearekin xuxurlatzen belarrira atzean gelditzen dira hutsak ziren kutxa oteizianoak paseo berriko kresalarekin batera herdoilduak
Itsaso beti itsaso barreiatuz gu barreiatuz ni hiri batetik bestera itsaso amaigabe bat bezala begietatik begietara ez gara berriro amoranteak izango ez hori bukatua dago
Begietara begiratzen dizut zuzenean itsasoaren olatuekin gora eta behera jolastuko dut aldi berean parean denbora galduarazi egiten dutenak daudenean ahantzi ez du merezi
Salto egin salto egin itsasoaren sakonera uraren mutiko izanik salto egingo duena salto egin duena jada
Atlantikoa zeharkatuz, lerrorik gabeko gure
herrira iritsi naiz. Aireportua zapaltzen dut, zeru urdindun igande egun beautiful batean. Eta Irlandako
laukoteak txuri beltzeko bere lerrorik gabeko zerumugara saltoa ematera
bultzatzen gaitu, beste behin ere. Gure bihotzak urduri eta gure emozioak
ernatuta. Hor dugu, lerrorik gabeko zerumuga ezjakinaren
marraren sinfonia: No Line On The Horizon, U2.
Presaka, ia arnasik hartu gabe, etxeko
egongelan, Boy, October, War,…baina
batipat The Unforgettable Fire eta Acthung Baby biniloak lurrean
barreiatzen ditut. Eta bozgorailuetan, oso altu, ia gorturik geratzeko moduan,
Bono-ren hitzak eta laukote banaezinaren mundu ezegonkorraren txuri beltzeko
edertasun emozionalaren oda berria. Gure bihotzetara berriro, bala bat bezala, zerumuga
urdinetik datorrena, zuzen-zuzenean.
Eta zer aurki genezake diska honetan?
Gakoan, alegia kantuetan barneratu aurretik, lehenik, Anton Corbijn maisuaren
txuri beltzezko ikutu minimalaren argazkietan bilduta datorren diska dela esan
behar. Itzel Mr. Corbijn. Bigarrenik, Bono-ren hitzak. Zuzenak eta oso kontzeptu metaforiko
trinkoarekin. Itzel BonoVox, beste behin ere. Indar, emozio eta baikortasunez blaituta dator U2ren azken hau. Agian
ohar txiki bat, bi kantu muturreko faltan bota ditut: Bata, iluna, Bullet The Blue Sky, Exit, Acrobat, Until
The End Of The World,….Bestea, argia, Stay,
Pride, In God’s Country,…. Hala ere, U2 hain talde handia egiten duena, ez da
soilik irratian entzungo ditugun hit-ak egitea, baizik, apurketa hori. Eta
sarri lortu dute Dublindarrek hori. Diska, Achtung
Baby-ren ostean etorri diren guztien kantu sekuentzia egituraketarekin
dator. Kantuen ordena ondo aukeratua dago, horrek salbatzen du diska nere
ustetan. Ez nuke esango, mugarria denik. Baina bai, mailari eusten diola.
Play! (Anoetako 2005ean gau hartan Bono-ren“bat, bi, hiru,…hamalau” oihua oraindik
oroitzen dut.)
Diska hiru ataletan bana genezake: Lehenengoa, No Line
On The Horizon eta Magnificent kantu
izugarriarekin hasten dena. Bonba bat gure bihotzetan. Hasiera indartsua. Eta
gu lerrorik gabeko zerumugan. Bigarrena, Moment Of Surrender abesti larroxatik
diskaren muinera pasatzen gara, U2ren egungo rock-aren kontzeptura. Korapiloa: Unknown Caller, I’ll Go Crazy…, Get On Your
Boots, Stand Up Comedy eta Breathe. Hori
da agian U2ren eskeintza egun. Baina aipagarria, hirugarren atala, Fezeta Cedars
of Lebanon hegoaldeko latitudeetako ilunabarreko ilargi arabiarraren efektu
hipnotikoarekin, diska ixteko gure bihotzetan laztana xuxurlatuz.
Gaiak ez dira aldatu, inondik inora: “Denbora hutsala da, ezpaita
lineala”, “Amodioak bakarrik ahal du marka hori utzi gure bihotzetan”, “Ume
txiki bat bezala gara 8 karriletako autopista zeharkatzen”,… U2ek beti, utziko
gaitu ametsetan. Zerumugan etzanda. Biharamunean, gaueko zalapartan
Polaroid-ean ateratako gure bizitzaren argazki kongelatuak hozkailuanaurkituko ditugu. Udaberriko zerumugaren
errainuekin deskongelatuko ditugunak. Berriro zerotik has gaitezen.
Ez, ez da, 11 urterekin deskubritu nuen U2a. Inondik ere. Nostalgiarik
ez mesedez. Wide Awake in America jartzen dut
etxeratzeko pastilla moduan A sort of Homecoming. Baina ez, ez da War, The Unforgettable Fire eta Achtung
Baby-k izan ziren mugarri musikalen parekoa honakoa. Baina, agian onena
zera da: Ez dela mugarriak egiteko momentua. Munduaren aztoramendu eta
aldakortasun honetan U2k txuri beltzeko jarraipen emozionatu eta soseguzko bat
helarazi digu. Aurrera egiteko, beti aurrera. Gure bihotza bere lekutik aterako
diguna eta gure ardura izango dena, bostekoaren barruan fuerte fuerte gorde.
Eskua itxi. Eta aurrera egitea. Horretarako bakarrik balio badu, ez da gutxi.
Diska salbatua dago. Eta nere ustez, lortzen du.
Ez da aurrekoen parekoa. Ez du zertan izan behar. Zerumuga batean
egindako diska da. Eta hori du onena. Hitzak eusten diote diskari. Eta kantuen
sekuentziak ere.Hala ere, gure bizitza zerumugatik
aurrera joaten lagunduko digun diska da. Gure bihotzean lerrorik gabeko zerumugan, gu U2ekin eta U2 gurekin, forever.
Mapetan eta zerumugaren lerroek jada zentzurik ote duen gure buruari
galdetzen ari garenean, Europa bihurtu daiteke gure zerumuga. Gertuen izango
dugun kontzertua Bartzelonakoa. Hala ere, laukotearen hometown den Dublin-ekoa duda barik gomendagarriena. Gure lerroa
margotu, ikusi eta ospa dezagun, udaberriaren atezuan. Sláinte!
(BERRIA egunkarian argitaratua 2009ko Martxoan)
————————————————————-
Hasi da, bonba. NoLineOnTheHorizon: “Denbora irrelebantea da, ezpaita
lineala”. Eta arrazoi du. Bigarrena, diskaren benetako harribitxia,
“Magnificent”. Bai, jaio naiz zurekin egoteko. Amodioak inuxente bihurtzen
gaitu. Eta hori da “magnificent”. Amodioak bakarrik ahal du marka hori utzi
gure bihotzetan. Amodioak bakarrik uztartu ditzazke gure bihotzak.
Intensidade aldaketa, hondartza batean gauez norbaitekin ipod-ean
entzuteko kantua: “Moment of Surrender”. Besarkatuta, eta hitzik esan gabe,
arimaren erritmoa ilargi beteko udaberriko gauetako hondartza galduetan.
Entzun. Besterik ez.
Laugarrena, udaberria dator. Eguzki errainuak, hortzemugan. Eta ez
dakigu zergatik, korrika hasten gara. Eta ez ezer esan. Korrika egin. Agian,
hortzemuga honetan, berriro zerotik hasi beharra nora jakin gabe. Oso segurua
den entzulearentzat kantua ekidin daiteke. Gainontzeko guztientzako, diskaren
arima. Hortzemugatik korrikaldia, hondartzatik abiatuta Atlantikoa aurrean.
Libre gara edozein lekutan gaudelarik ere. Agian “All That Can´t You Leave Behind” diskaren onenaren jarraipen
kantua. U2n
Post-Achtung Baby-ren esentzia. Betiko gure U2.
Bostgarrenik aurrera, diskaren bigarren zatia hasten dela esango nuke.
Oso positiboa oso jostagarria, flirteotik gertuago. Hartuko al dugu kafe bat
Marrakech edota Pakistan aldean gaurko udaberriko hortzemuga urdin honen pean?
Behin esan zuen Bono-k, “agian ezin dugu mundua aldatu,baina bai mundua gure barruan”. Agian jada
mundua aldatzea ezinezkoa dugu, baina gu munduan. Gero gauean mozkortu eta
eroaldi bat biziko dugu.
Seigarrena. Larunbat gaua. Eta jantzi zure botak! Hortzemuga gorritu
egin da. Eta deabruarekin goaz tabernetara. Gaur gauean botak jarriko ditugu
eta deabruarekin egingo dugu paktua hortzemuga gorriaren pean. Zeinek sinisten
du jainkoetan jadanik?
Zazpigarrena. Rock-aren arima eta pausu seguruaz, ekilibristen antzera,
hortzemugatik, guztia komedia bat denean. “Ume txiki bat bezala gara 8 karriletako autopista zeharkatzen”. Eta
parrez gainera.
Zortzigarrena. Gauaren ostean, Fez-eko hortzemugara goaz. Aldaketa itzela
diskoan. Diskaren hirugarren atalean barneratzen gara. The Edge-n gitarra eta riff-en artean. Acrobat, Bullet The Blue Sky,
Exit edota Until The End Of The Wold kantuen U2en alde beltza izan zitekeena.
Diskak zerbait falta badu, horrelako kantu sakon bat zen, kontrapuntu moduan.
Bederatzigarrena, hortzemugatik, gora goaz. Zerura amets egitera.
Behean, neguko elur zuria. Elurra zaurien gainean ikusi dezakezu hemendik?
Hamar: Arnasa hartu. Hau hasi besterik ez da
egin. The Edge berriro ere.
Hamaikagarrena, azkena: Diskaren bukaera borobila.Berriro hegoaldera. Lotara goaz, ez soilik lo
egitera. U2ek beti, utziko gaitu ametsetan.