Tokyo Moon

Sato-k hartu dit telefonoa.
Oso tipo atentoa iruditu zait.
Bere inguruan, kolore txuri-beltzezkoak osatzen zuten, eskritorio bat imajinatu dut. Hor, nonbait, Tokyo-ko auzune periferiko batean edo, galduta.
Nere burua, 2046 train horretan sartuta ikusi dut derrepentean. Denbora geratzen den tren horietan.
2046
Emakume traje gorri eta leporainoko horiek, elegantzia eta dotoreziaren obra maestra. Eta gizatasunarena.
Zeren ezetz uste baduzu ere, Tokyo honetan, ene herrian baina gizatasun handiagoa somatzen dut poroetan. Ixiltasuna eta kaosaren artean dagoena, baina gizatasuna. Teknologia ia androide hau, gure sentimendu terrenalak baina gizatiarragoak direla ere pentsa nezake.
Begiak ixten ditut.
Agian betirako.
Eta agian, horrela ilargia bere osotasunean ikusiko dut, inoiz.

Sapporo garagardoa eskatu dut.
Bi gizasemen korbatadun, likore jelaz betetako batekin ari dira cigarrette kajetila guztia ustutzen. Burua atzeraka botaz. Jazz pieza bateko bi instrumentista nekatu izango balira bezala. Beltzez jantzita. Elegante eta aldi berean, informal.

Mogwai-ko young team diskarekin ari naiz,
tarteka,
eta Sufjan Stevens-en seven swans.
Iphone-eko menuan behin eta berriz, saltoka batetik bestera.
Mogwai, neretzat. Sufjan Stevens, biontzat.
Nere lagunak gogorarazten ditut hemendik.
Begiak itxi, eta trenaren barruan sekulako festa antolatu dut nere buruan bapatean. Ez dakigu nora garaman trenak.
Baina, ajola duena,
jende guztia,
ez dakit zergatik,
behingoagatik,
ondokoari begiratzea
utzi diola,
eta algara ixileko baten baitan,
denak,
treneko lehiatilak
martxan goazela,
Tokyo Moon-era
begiratzen goazela.
Ez dakit nora.

Inork ez daki nora.
Baina,
ixilik
eta
lasai.
Eta nik,
Tokyo Moon begiratu,
eta zurekin ere akordatzen naiz.
Apika.
Ilargiak, keinu egiten didanean, bakarrik.
Begiak itxi,
eta ondoko gizaseme hauekin,
ondo,
lasai,
ixil.
ftf.

Portland Moon

Ez dut hemengo jendea ulertzen.
Kalera atera, betiko bera egin, jendez aldatu, baina beti aitzakia berdinarekin….etxean ez bakarrik geratu.
Plan A, plan B,…agenda bete…eta hori, ihes. Exit.
Gogoratzen naiz, Division St.eko taberna horretako eszena horrekin. Taberna horrekin, gorri kolorekoa, FB-eko nere argazkia atera nuen hori bera.  Eta han zeuden hiruzpalau jende multzo ezberdin: bikote bat, bi mutil eta neska bat eta barran bi tabernari eta neska bat…eta oso ondo akordatzen ez naizen gizaki bat.
Ni, nere ardoarekin, mahaiean. Pipa barruan prestatu eta kanpora ateratzen nintzen hartaz akordatzen ari naiz. Hain arraroa hemen, estanpa, hain normala, edo gutxienez indiferentea han.
Orduan, gora jartzen nintzen begira, Portland Moon-era.

Jendeak galdetzen dit, zer zegoen han.
Eta nik askotan ez dakit zer erantzun.
Eta esango nioke «ba…ezertxo ere ez».
Agian, Raymond Carver-ren edota Hopper-ren kuadro batean bezala, «deus ere ez».
Baina ez da egia.
Pipa horren kearekin, ilargirainoko saltoa ematen nuen. Sufjan Stevens kotxean zegoen bere zazpi zisneekin zai. Denak kotxea martxan jarri eta ilargira igotzeko goraino.

Harrezkero,
gauero, nere etxe aurreko bankuan,
jartzen den ilargi berbera.
Inorren zai egoteko ez den bankua.
Espreski bertatik, ozeanoaren alde honetatik soilik, Portland Moon-a ikusten den, banku preziso hori.
Nere etxea aurreko bankutik, ke artean:
Portland Moon.
ftf.

Posesioak & Bihotzak

Ez dago ezer, arratsaldeko ordu haize erauntsiak jotzen duen horietan, eserita, zeru urdinera begiratzea bezalakorik.
Orduan konturatzen gara, ez dugula ezer inoiz posesioan izango.
Eskumuturrean, fuerte, ia odol guztia, tantanka, zukua balitz moduan, gurea den bihotza baino ez dugula izango betirako.
Beste ezer.
Eta hori guztia.
Gutxi balitz bezala.

Posesioak
bihotzak
denbora
kaleak
zure kafe hotza
nere ordulariaren orratzak
bihotzean ziztada egin
eta orduan hasten da
odola borborka ateratzen.

Seattle.
Izan liteke.
Nagoen hiri honen eraikin eta etxeetako teilatura begiratuz,
downtown-eko skycrapper-ak ere imajina nitzazke.
Horiek ere,
nere bihotzean beste ziztada bat.
Amodio masoka taurinoak.

Azkenean ezpaitago
gaurko arratsean
gure bihotzarekin nahi dugun
bakarrizketa baino gauza intimorik.
Eta «ezin dut denbora zurekin eman»
ezin dut,
bihotza
hustu eta ordulariek
haize erauntsiaren astindu eta keinuarekin,
etxerako bide luze
eta bueltaezinezkoa
erakusten didaten arte.

Orduan,
orduan bakarrik,
bihotzaren azken bentrikuluetako odol gutxi hori
edan egingo dut,
bihotza tolestatu
eta
poltsikoan sartuko dut.

Hori izango baita,
eta da, in fact,
nere posesio bakarra.
ftf.

Gasteiz & Ani

4pm.
Florida parkean egongo bagina bezala gaude, begiak, ixten ditugunean.
Han egongo bagina bezala. Baina hemen gaude.

Begiak irekitzen ditugu eta beste alde horretara egiten dugu:
Bero sargorea, Illinois inguruan edo, eta Greyhound-a atzean utzi dugu.
Eta Florida parkean aurkitzen gara.
Dena berdin dago.
Gure barruan zerbait aldatu bada ere.
Zerbait baino, guztia.
Ikusten duguna ez da berdina baina jendea ezer gertatuko ezpalitz bezala jokatzen du.

Eta ni zurekin akordatzen Ani.
Zure kemenaz eta malaostiaz.
Eta garraxi egiten duen emakume horretaz.
Nik entzuten dizut.
Oso garbi hemen egongo bazina bezala.

Guztia aldatu denean
eta ezer gertatu ezpalitz bezala,
urteen bueltan.

Eta zu izango zara,
nere Joyful girl hori.
Betirako.
Zure tximetan galdurik,
uda sargorearen korrika ateratzeko beharra.
Gogoa eta grina.
Parametro normaletatik aldenduz.
Baina edertasun eta zeru grisaren pare,
begirada aske eta antikonbentzionala.

Zure tximetan galduko naiz.
Begiak irekiko ditut Florida parkean etzanda nagoelarik.

Espero dut,
begiak irekitzen ditudanean,
hor egongo zarela.
Zure tximetan,
orotara
baso batean bezala
gal nadin.

Gaur arratsaldea
den
une eta leku mugagabe horretan barna.
ftf.

Múm eta gure glaziarra

glaziar bat tripetan ugaldu zaigunaren sentsazioa dugu bapatean tripetan sartuta, barruraino.
sentsazio izoztua
eta
arratsalde sargoreak.
guztiek, inguruan, inertziaz jokatzen duten bitartean,
ofizina salatan eta 13 bulegotako eraikin komunista ia sarajevo-ko horietan,
gu hor gaude,
gure glaziarra, apurka apurka,
zizelkatzen,
urtzen,
gure ahotan,
urtu dadin,
arratsalde sargorean.

gure ezpainak
elkar desiratuz.
elkar urtuz
gaur arratsaldeko glaziarra.
gure ahotan.
urrun baina gertu.
gertu eta urrun.
arratsaldea urtuz.
gure glaziarra.

eta gu.
ftf.