Goodnight Murakami (so young)

goodnightmurakami
Gaua datorrenean, nere apartamentuarekin parez pare dagoen «soyoung» (edo horrelako zerbait esan zidan bere english traketsean) korearrarekin akordatzen naiz. Murakami-ren istorio japoniarretan murgiltzen naiz, nere hiru kandela amaitezin hauen artean, isiltasun mortuan.
«Soyoung» esan zidan, eta nik, orduan aitzaki ederra hartu nuen, zenbat urte zituen galdetzeko: «In the chinese calendar I am 22 but in the western calendar I am 24 years old»-esan zidan motel motel eta hitz bana ondo neurtuz, bukaeran irripartxo bat bota eta gero.
Orduan esan nion nik: «Oh, really so young«.
Soyoung hala ere, ez da Murakami-ren gaueko ipuinetara barneratuarazten nauen bakarra. Izan ere, Nevada-ko alma bakartien artean, asiatiko hauek dira nagusi. (Heuren herrialdeak  far coast west honetatik gertu egon eta honuntza datoz.) Bakoitza bere bakardadearekin. Hori bai, bakardade isila. Ez duzu jakiten noiz dauden eta noiz ez. Zarata izpirik ez dute egiten. Eta hitz, beharrezkoa soilik.
Beti egin zait oso deigarria isiltasun hori.
Eta are gehiago hemen, gringoen iskanbilaren artean, japoniar eta korearrak, gaueko xaguxarrak bezalakoak izaten dira, kanpoko zume negarti hauetan eskegita. Gau eta egun. Night and day.
Goodnight soyoung.
ftf.